LAIA 12
Proiektu ekonomikoak aurrera ateratzeko modu ezberdinak badaudela esatea ez da nahikoa enpresa bat antolatu nahi duen lagun talde batek, bizi proiektua modu alternatibo batean sortu dezan lortzeko. Hasiera bat da, noski, baina bestelako modu horien ereduak ikusi eta haiengandik ikasteko aukerarik izan ezean, dakien bidetik jotzeko joera du gazteak.
Kooperatibismoari buruz hizketan hastean, munduaren aurrean puztu-puztu eginda agertzeko joera duen herri honek, aukera gutxi eskaintzen dio enpresa mundura jauzi egin nahi duenari kooperatibismoan murgildu eta proiektu kooperatibo berriak sortzeko. Geure inguruko garapen agentzia publiko askok, haur batek ohe azpian begiratzen duen bezala begiratzen diote kooperatiba ereduari, beldurrez. Zorionez, joera hau aldatzen hasia dela iruditzen zaigu, esango genuke, hein handi batean, Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz hausnartu eta berau bultzatzeko azken 10 urtetan Euskal Herrian indartu den ekimen komunitarioari esker.
Bide horretan jaio zen BDS KOOP, eta hori du bere funtzio nagusietako bat: Kooperatibismoan hezi eta proiektu kolektiboak sortzearen abantailez jabetu gaitezen laguntzea. Helburu horrekin sortu genuen Eraldaketa Fabrika deitzen diogun programa, zeinak egitasmo ekonomikoak martxan jarri nahi dutenei, bidelaguntza eskaintzen dien, beti Ekonomia Sozialaren klabeetan. Enpresa berriak sortu eta Ekonomia Sozialeko ehunean txertatzea bilatzen du, lurralde estrategia partekatuaren bidez Tokiko Garapenean aktibo izan daitezen.
Eraldaketa Fabrika programaren bidez kooperatiba bilakatu diren bi esperientzia berri dakarzkigu horri hauetan, eta porrot egin zuen proiektu bat biziberritzeko kooperatiba eredua aukeratu zuen beste hirugarren bat. Jakitun gara honek ez duela mundua aldatuko, baina eredu kooperatiboan murgildu nahi duenari, bide erreal bat dela erakusten lagunduko diolakoan gaude.
-
Follow
-
0
-
Embed
-
Share
-
Upload